Páginas

asteartea, apirila 12, 2016

Trukaketa




Apirilaren 8ko asteburuan Vilafranca del Penedésko "Clau de Sons" musika eskola izan genuen gurean. Aralar Udal Musika Eskolarekin batera antolatutako egonaldi  “trukaketa” izan da eta guztiok bat datoz esperientzi “itzela” izan dela adierazterakoan.

Ostiral gauean Lekunberrira iritsi ziren Vilafrancako 25 ikasle eta 3 irakasleak. Bertan itxaroten zeudenak ongi etorri beroa egin zieten eta une horretan bertan egonaldia ahaztezina izango zelaren sentsazioa zabaldu zen bertakoen artean. Hortik Araitz, Atallu, Eltzaburu, Etxarri, Betelu, Leitza eta Lekunberriko 14 familiatan banatu ziren.



Astebururako prestatutako programa, Leitzan egin zen entsegu batekin hasi zen. Ondoren Peru Harri ezagutzeko aukera izan genuen Iñaki Perurenaren eskutik. Aho zabal geratu ziren Iñakik harria eta harriaren bitartez euskal kultura azaltzeko emandako azalpenekin eta nola ez, harri jasotzean ere aritu ziren.

Eguerdi partean, Lekunberriko Kattagorri elkartean bazkaria izan zen eta bazkal ostean elkartea eszenatoki inprobisatua bilakatu zen, bertan kantuan eta dantzan jarri baitziren bertan zeuden 80 lagunak.

Arratsaldean berriz, Mendukilo ezagutzeko unea iritsi zitzaien. Bertako teknikarien azalpenekin kobazuloaren sekretuak ezagutu zituzten eta bertan musika jo eta entzuteko aukera ezin zenez galdu, Aralar Udal Musika Eskolako abesbatza gazteak, trikitilari taldeak eta saxofoi solistak errepertorio laburra eskeini zuten.

Igandea iritsi zen eta egun horretan Leitzako zinean kontzertua izan genuen. Bertan 214 pertsona izan ziren “Clau de Sons” eta “Aralar” musika eskolako ikasleen kontzertua entzuten. Emanaldiaren zatirik handiena errepertorio klasikoko piezarik ezaguneneei eskeini zitzaion Vilafrancako musika eskolakoen zeharkako xirula eta bibolina zein biolontxeloaren formazioaz baliatuz. Gure musika eskolak oroigarri bat eman eta Vilafrancako neska bati zorionak zuri inprobisatua abestu ondoren, bi musika eskolen artean prestatutako bi abestirekin amaitu zen emanaldia.

Leitzako plazan oroitzapenerako amaiera eman nahi ez zitzaion argazki saioa egin ostean, musika eskolak Aurrera elkartean Vilafranca-koei bazkaria eskeini eta agurra emateko garaia iritsi zen.

Apirilaren 29an gure eskualdeko 35 ikasleak bueltako egonaldi musikala izango dute eta lagun berriekin berriro elkartzeko irrikitan daude jada.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina